Lehen aldia amaitu da!

Lehen aldia amaitu da!

Santurtziko Udal Euskaltegia -
Erantzun kopurua: 0
Kaixo,

Mezu honen bidez jakinarazi nahi dizuegu Moodle Doc-ak Euskaraz proiektuaren lehen aldia amaitutzat-edo eman dezakegula. Gogoratuko duzuenez, gure lehentasuna irakasleei begirako dokumentazioa osatzea zen 2007ko ekain alderako. Atal hori dagoeneko euskaraz kontsulta daiteke ia osorik.

Momentu honetan Moodle Doc-ak Euskaraz guneak 282 orri ditu (hasiera batean aurreikusi baino 100 bat gehiago). Horietatik 35 bat falta dira euskaratzeko. Itzulitako orriek Moodle-ren bitartez ikastaro bat sortu ahal izateko beharrezko datu eta ohar guztiak jasotzen dituzte, beti ere irakaslearen ikuspuntutik aztertuta.

Informazio horretarako sarbidea, jakina, gunea bera da baina ahalegin berezia egin dugu Moodle-ren edozein instalaziotatik Doc-etarako esteka zuzenak berbideratzen. Horrela, esteka horiek gaituta dituen guneko edozein tutorek izango du modua lantzen ari den alderdiari buruzko erreferentzia azkarra eskuratzeko. Hemen duzue berbideratutako esteka horien zerrenda.

Horrekin batera, aurreko astetik Moodle Doc-ak Euskaraz oso-osorik deskarga daitezke norberaren ordenagailura eta offline erabili. Antonio Vicent eta Eloy Lafuentek (stronk7) sortutako guneari esker da hori posible. Astero eguneratzen da eta oso modu eraginkorra eta erraza izan daiteke baliabide hori Moodle-rekin lanean ari garenoi eginkizuna errazteko.

Egindako lana handia izan da baina handiagoa oraindik ere aurretik duguna. Hona hemen labur-labur zeregin nagusiak:
  • Irakaslearen atala (I): falta diren orriak amaitu
  • Irakaslearen atala (II): egindako lana oso-osorik berrikusi behar da, sortutako testuen kalitatea eta egokitasuna bermatzeko.
  • Kudeatzailearen atala (I): landuko diren orriak zein izango diren zehaztu, eta lanean hasteko moduan jarri (txantiloiak sortu, aurkibideetan txertatu...)
  • Kudeatzailearen atala (II): aurreko aldian zehaztutako orriak itzuli
Dena dela, zeregin nagusia proiektuan askozaz ere partaide gehiago inplikatzea da zeren ageri-agerikoa baita proiektuaren tamaina eta garrantzia ikusita ezinezko dela gutxi batzuen artean behar bezala aurrera eraman eta egunean izatea. Beraz, guztion laguntza eskertuko dugu Moodle-ren aldeko apostua egin dugunok.

SUE
Puntuazioen batuketa: -